2012/08/23

ALARMA GORRIA! Astebururako mobilizazioak Urdulizen. Baraualdia, kontzentrazioa, manifestazioa...


Iosu Uribetxeberriaren egoera ikusita, Urdulizko eta Euskal Herriko hainbat Herrira bilgunek astebururako mobilizazioak deitu ditugu herrietan. 

Iosu Uribetxebarriak, hamabost egunez burutu duen gose grebari uztea erabaki zuen atzo. Bere osasun egoera oso larria da eta alarma gorria piztu da, beraz, gure txanda da. Orain guk hartu behar dugu bere lekukoa.

Iosu eta gaixo larri dauden gainontzeko hamahiru euskal preso politikoen askatasuna aldarrikatuko dugu, beste gauza askoren artean, legearen arabera aske egon behar dutelako.

Hona hemen Urdulizko Herrira mugimenduak antolatu duen egitaraua:





Zapatua 25

12:30 - 13:00 bitartean kontzentrazioa Antsonekoa plazan.
13:00etan baraualdiari hasiera eman eta Josu eta gainontzeko hamahiru preso gaixoen berri eman.

Domeka 26

19:00etan baraualdiari bukaera eman. Udaletxeraino manifestazioa.
19:30 - 20:00 bitartean kontzentrazioa udaletxe aurrean.

Herritar guztien parte hartzea beharrezkoa ikusten dugu. Beraz, hartu kanpin denda, lo zakua, eta etorri herritarron eskubideak defendatzera! 

Urdulizko Herrira


2012/08/13

Bihar Plentzian kontzentraziñoa Josu Uribetxeberriaren askatasuna eskatzeko.

Urduliz, Plentzia eta Gorlizko Herrira bilgeneek kontzentraziñoa burutuko dute bihar Plentziako zubian 20:00retan Josu Askatu! Hamalauak herrira! lelopean.
Josu Uribetxebarria eta gainontzeko gaixo larri dauden 13 preso gaixoen askatasuna eskatu da.


2012/08/12

Mikel Egibarrek senideek sufritutako istripua salatu dute Zizurkilen

Iragan den asteartean, Zuerako espetxetik bueltan Mikel Egibarren emazteak eta adingabeko seme-alabek sufritutako istripua salatu dute Zizurkilgo herritarrek eta Udalak. Bildu eta EAJren aldeko bozkeekin udalak deklarazio bat irakurri zuen eta 300 lagun inguruk sakabanaketaren aurkako protesta egin zuten Joxe Arregi plazan.

Iosu Uribetxebarriak gose grebari ekin dio

Euskal jendarteari zuzendutako gutun baten bitartez, larri gaixo dagoen preso arrasatearrak bere muturreko egoera salatzeko gose grebari ekin dio. 
Eskutitza bertan eskuragarri:

                                               2012ko abuztuaren 8a
Euskal Herriko gizarteari Iosu Uribetxebarria Bolinaga Euskal Preso Politikoaren partetik.

        Ohar honen bidez atzo gertatu zena eta ondorioz nik hartutako erabakiaren berri eman nahi dizuet.

        Atzoko eguna berezi xamarra izan zen proba bat egin behar nindutelako. Niretzat garrantzia handikoa zen ondo gainditzea aurrera egin eta hurrengoko proban murgilduta egoteko.

        Esan behar da hasiera poliziaren tratua orokoran etzela okerra izan, hori bai, batzuekin hobeto beste batzuekin baino. Nik senideekin egotea nahi nuen eta arazoak ekiditzeko, ez nien garrantzirik eman batzuen itxikeriei. Baina gauzak okertzen joan dira poliki-poliki.

        Ordurarte senide eta lagunek binaka sartzea zuten nirekin egoteko. Atzo banan-banan sartu behar zirela esan ziguten.”Nosotros somos los que dictamos las normas”. Lagun batzuek zalantzak zituzten zerrenda zein izango ote zen. Poliziari zerrenda erakusteko eskatu eta polizia ukatu egin zen. Nire asmoa, gaur TAC-a eta puntzoia egitea zen eta egoera hori konpontzen saiatzea zen nola edo hala.

        Denborarik ez. Gauean ohera sartzerakoan indarrak berreskuratzeko, betiko bezala leihoa zabaldu nuen gela aireatzeko ta freskatzeko.(Barroteak ditut leihoan) Ordura arte arazorik gabe egindakoa arazo bihurtu zen, Polizia batek leihoa itxita egon behar zuela agindu zuen. Saiatu nintzen azaltzen barroteak zeudela eta abar, baina alperrik .”usted no me va a decir a mi lo que tengo que hacer, la seguridad la llevo yo”-ren moduko zerbait esan zidan.

        Horrela izan da ere, berriz saiatu nitzen gauzak bideratzen, baina alperrik. Argumentu falta ta,  que no le amenace y que no le levante la mano” esan zidan inongo mehatxurik egon ez denean eta eskuarekin leihoa seinalatzeko keinua egin nuenean soilik.

        Horrelako jarrera itxiaren aurrean, gelan daukadan txirrinara erabiliz erizaina deitu nuen, bertara etorri eta gertatutakoa azaltzeko. Berak ezin bazuen konpondu ere, arduradunari edo sendagileari esateko ea biderik bazegoen hau konpontzeko.

        Ikuskatzailea etori zen, baina ezer gutxi egin ahal izan zuen. Berak ulertzen nauela, baina bere konpetentzia ez dela. Azken gertaera honen ondoren eta nire egoera orokorra ikusita, esan nion ez nuela proba egingo (TAC eta puntzoia) eta gose greban hasten nintzela, nahiz eta jakin nire egoeran egonda ez dudala egun asko iraungo.

        Ez dut ezer berezirik eskatzen, tratu justu bat soilik nire egoera kontutan hartuta. Egoera honetan nagoela, nola onartuko dut tratu izugarriak nire senideekiko, ez da posible!

        Beraz gaur, abuztuaren 8ª, 00:00 orduetatik, gose greban jartzen naiz, alde batetik hemen azaltzen dudanagatik eta garrantzitsuena nire ustez, gobernu espainolak luzatzen dabilelako egoera onartezin hau krudelkeria eta gorrotoa muturreraino eramanez. Hamalau gaixo larri kartzelan mantentzea hiltzeko korredore kartzelarioan onartezina da. Gaixo larriak etxera!

        Azpimarratzea nahi dut ospitaleko sendagileen aldetik, erizainen aldetik, erizaintzako laguntzaileen aldetik eta oro har langileen aldetik, laguntza eta animoak jaso ditudala une oro. Alde horretatik primeran. Agian ospitaleko zuzendaritzatik inplikazio gehiago espero nezakeen, sortutako arazoen aurrean.
        Bukatzeko jaun-andreak, neska-mutilak, eutsi bide honi, eguneroko minimoak betetzen (bakoitzak bere ale ondarra jarriz) gatazka hau behingoz konpontzeko. Errespetuz eta tolerantziaz gero eta lagun gehiago izanez, konponbidea gelditu ezina bilakatuko da berdintasuna eta elkartasuna.

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!

GORA EUSKAL LANGILERIA!

AURRERA BOLIE!!!


IZUGARRI MAITE ZAITUZTET, “A RABIAR”!
        Mila esker zuen eskuzabaltasunagatik.
        Ikusi arte lagunak!!!

Hainbat protestaldi espetxetan Iosuren askatasuna eskatzeko


Azken orduetan hainbat izan dira Espainia eta Frantziako espetxetan dauden euskal preso politikoek Iosu Uribetxebarriaren askatasuna eskatzeko abiarazi dituzten protestak. Elkartasunezko gose grebak, janariari uko egitea, itxialdiak eta bestelako ekimen eta protestak espetxe ugarira zabaldu dira. Hona hemen zerrenda osoa:
Frantziako kartzeletako presoen egoera: 
− Fresnes (gizonezkoak): gose greba mugagabean aurkitzen dira.
− Fresnes (emakumezkoak): txandakako barauak eta elkarretaratzeak egingo dituzte.
− Fleury: hirugarren dibisioan gose greba mugagabean aurkitzen da.
− Joux la Ville: Espetxeko janariari uko egingo diote igandera arte.
− Nanterre: Itxialdian daude..
− Il de Rée: txandakako baraualdiak eta gutun bidalketak egingo dituzte.
− Arles: frantziatik botatzeko arriskua duelako, Ramontxo Sagarzazu presoak gose greba abiatu du, Uribetxeberriarekin ere bat eginez.
− Arles: Iñaki Lopez de Bergara eta Ibon Elorrieta presoek espetxeko janariari uko egingo diote.
− Moulins (kondenatuak): Datorren astelehenetik aurrera gose greba mugagabean sartuko dira.
− Liancourt: igandetik aurrera gose greban jarriko dira.
− Clairvaux: igandetik aurrera gose greban jarriko dira.
− Saint Maur: Borrokaldian aurkitzen dira.
− Rennes: Asteburuan zehar elkarretaratzeak egingo dituzte eta gutunak bidaliko dituzte Minesteriora.
Espainiako kartzeletako presoen egoera:
− Castello II: Gose greba mugagabean aurkitzen dira.
− Cordoba: gaurko iluntzeko 12etatik aurrera gose greba mugagabean jarriko dira.
− Sevilla II: Gose greba mugagabean aurkitzen dira.
− Picassent: Gose greba mugagabean aurkitzen dira.
− Granada (Albolote): Gose greba mugagabean aurkitzen dira.
− Algeciras: Gose greba mugagabean aurkitzen dira.
− Herrera de la Mancha: Gose greba mugagabean aurkitzen dira.
− Murtzia: Gose greba mugagabean aurkitzen dira.
− Villena: Gose greba mugagabean aurkitzen dira.
− Navalcarnero: Igandetik aurrera gose greba mugagabean jarriko dira.