2013/05/16

Olga Sanz sopeloztarrari jaiotzear den umea bere eta aitarengandik banatzeko mehatxua egin diote!



Olga Sanz Martin preso politiko sopeloztarrari jaiotzear den umea berarengandik eta aitarengandik banatzeko mehatxua egin diote, senideek eta EH Bilduk salatu dutenez. Euskal Preso Politikoen Kolektibotik (EPPK) ateraraztea eta hori dioen agiria sinaraztea da mehatxuen xedea, sendia eta EH Bildu koalizioaren aburuz. Horren aurrean, umearen, amaren eta aitaren eskubideak bermatzea exijitu dute. Gaur, Julen Arzuaga legebiltzarkideak Olgari Espainiako Gobernuak egiten dion xantai ankerra salatu eta espetxe politikaz galdetu dio Iñigo Urkullu EAEko lehendakariari, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Urkulluk presoekiko jarrera “leun eta sentikorra” izatea eskatu dio Espainiako Gobernuari eta, aldi berean, presoek “haien erantzukizunak beren gain har ditzaten eta dagozkien urratsak eman ditzaten” eskatu du. Olga Sanz pasa den apirilaren 30ean lekuz aldatu zuten Asturiasko Villabona kartzelatik Madrilgo Soto del Real espetxera. Bidaia anbulantziaz egin behar izan zuen, haurdunaldiaren azken hilabetean baitago. Hori dela eta kartzelako erizaindegian dute eta bertan bakarrik dago, espetxe horretako preso politiko bakarra isolamenduan dela.

Senideek atzo kaleratu zuten oharraren arabera, Olga Sanzi hilabete bat edo falta zaio Oier bere eta Xabi Moreno mutil-lagun eta preso politiko sopeloztarraren semea erditzeko. Halere, Xabi Villabonan mantendu dute, Olga eta Oierrengandik banatuz. Azken 15 urteotan espetxe berean izan da beti bikote sopeloztarra, Alcala, Soto del Real, Zuera, Picassent edo Villabona zela.



Senideek gogoratu dutenez, Oierrez haurdun lotu zenean, Villabonan amentzako modulurik ez dagoenez, bertatik lekuz aldatuko zutela esan zioten Olga Sanzi. Orain arte, baina, haurdunaldiaren jarraipen osoa Oviedoko ospitalean egin diote eta martxoan epaileak hitza eman zion ospitale horretan erdituko zuela, ondoren amaren modulua duen Madrilgo Aranjuez espetxera lekuz aldatuko zituztela bera, semea eta mutil-laguna. Apirilean, ordea, Aranjuezera berehala eramango zutela esan zion kartzelero batek. Gainera, umea Asturiasen izatekotan, “haurra erretenituta geldi zitekeela egun edo hilabete batzuk, espedientea itxi arte” eta horrek atzeratuko zuela Aranjuezerako bidaia.

Haurdunaldia iraun duen denboran zein aurreko urteetan ere, EPPKtik aldentzeko agiria sina dezan presionatu dute Sanz, familiak azaldu duenez: Haurdunaldia, lekuz aldatzea, haurtxoa erretenitzea, bere mutil-lagunarengandik banatzea… behin eta berriro erabili dituzte sinatzen behartzeko.

Familiak zehaztu duenez, hainbat dira Oier, Olga eta Xabiri urratutako eskubideak: espetxealdiak zigor erantsirik ez eragitea, espetxe zigorra sorburutik hurbilen dagoen espetxean betetzea, haurdunaldia baldintza fisiko, psikologiko eta afektibo onetan izatea, amak haurdunaldia mutil-laguna den haurraren aitarekin partekatzea, familia batuta mantentzea, aitak bere neska-lagun eta semearekin egotea eta, garrantzitsuena, haurrak ama eta aita alboan izateko eskubidea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario